XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELA, ez engainatu jendea

Tavexeko hiru hilabeteko greba bukatu ondoren, LAB sindikatoak balorazioa egin zuen eta balorazio hori langileei eta herritarrei helarazi genien.

Ez zaigu hau anormala iruditzen, harritzekoa halako gatazka luze batetik irten eta ixilik gelditzea litzateke, baina ELAkoei, nonbait, ez zaie gure prozedura hau batere gustatu, eta gezurrez betetako idatzi batekin erantzun digute joan zen asteko Berrigaran.

Beraien idatzian azaltzen den egia bakarra hauxe da: sartuko ziren langile berrien soldatak gaur egungo langileenak baino murritzagoak izango zirela.

Hori horrelaxe da eta kitto!

Baina ez al da egia aurretik ibili diren ebentualak ere, beste langileak baino gutxiago kobratzen ibili direla, enpresako zuzendaritzak hori egiteko ELAren oniritzia zuelarik?

Bestalde, ELAk 65 lanpostu berri edo 1.300 milioiko inbertsioak egongo zirela zalantzan jartzea ez zaigu egoki iruditzen, hori akordioaren barne azalduko zelako: eta, beraz, edo sinisten dugu hitzarmen kolektiboaren edukietan edo bestela paso egiten dugu.

Berriz, soldataren %40 tarifatik kanpo kili-kolo geldituko zela gezurra da: ELAk asanbladak egiten behin eta berriz oztopatu du, beraz, asanbladak egiteari beldurrik ez diola esatea gezurra da.

Eta, azkenik, LAB enpresarekin zerbait trapitxeatzen ibili dela insinuatzea, gezur borobila izateaz gain, euren kontzientzia zikinaren adierazgarri, denok dakigulako horrelako martingaletan eurok izan direla maisu.

Bukatzeko eta garrantzitsuena, ELAk esan zuen: negozia ditzagun soldatak bakarrik eta gero gerokoak.

Hemen non daukagun gakoa, ez inbertsiorik, ez ezer: eta Tavesa eta Algodonera lantegiak ia desauziatuta; oraingo Bergarako lantegien produkzio murrizketa sinatu den akordioaren ondorio bat besterik ez da.

LAB EHUNGINTZA